Elkarte gastronomiko

Gaztelubide elkarte gastronomikoaren aurrean, Donostiako Danborrada prestatzen.

Elkarte gastronomikoak, Gipuzkoa eta Nafarroako iparraldean soziedade, Bizkaian txoko eta Iruñean peña izenez ere ezagutzen direnak, bereziki Euskal Herrian hedaturik dauden elkarteak dira, helburu nagusitzat bertako bazkide diren lagunei aisirako eta otorduetarako tokia eskaintzea dutenak.

Donostian sortu ziren XIX. mendearen erdialdean, garaiko turismoaren bultzadak ekarritako aisiaren pribatizazioari aurre egin eta bertako taberna eta sagardotegiei ezarritako ordu-murrizketen ondorioz. Geroztik, hasiera batean Gipuzkoara eta ondoren Euskal Herri osora zabaldu eta euskal kulturaren osagai deigarrienetakoa bilakatu dira, koadrila izeneko taldearekin batera. Donostian elkarte gastronomikoak hiriaren ikur dira eta parte hartze nabarmena dute Donostiako Danborradan. Aldi berean, kirol eta kultura ekitaldien bultzatzaileak ere izaten dira.

Hasiera batean eta XX. mendean zehar elkarte gastronomiko anitzek gizonak soilik hartzen zituzten bazkide gisa eta emakumeei debekatu egiten zitzaien, baina egun sexu-bereizketa gainditu den ezaugarria da. Funtzionamenduari dagokionez, taberna arruntetan ez bezala, elkarte gastronomiko bateko kideek eurek hartu, prestatu eta zerbitzatzen dituzte edariak eta janariak, autogestio printzipio batez: irabazi asmorik gabeko elkarteak izanik, aldiro bazkide-talde bakoitzak kontsumitu duena idatzi eta kostua bakarrik ordaintzen du, dagokion dirua kaxa komun batean sartuz eta gastu orokorrak aldiroko kuota batez estaliz.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search